Etxekotzat zuten

Maiatzaren 6a zen, goizeko zortziak eta zazpi minutu, bulegoan eguneko lanari heldu berri, whatsapp bat jaso nuen, Lorea Bilbaorena zen: “Egun on, gaur berri txar bategaz hasten dogu eguna. Gurutzi Arregi hil da goizaldean”. Loreak bazekien estimatzen nuen pertsona zela Gurutzi; horregatik eman zidan berria. Tristetu nintzen, zer bestela! Gogo-aldartea erabat goibeldu zidan notizia ilun hark.

Badakit, nola ez, Lemoan jaiotako emakume durangar irribarretsuak itzelezko ekarpena egin ziola gure etnografiari, Ander Manterolaren ondoan urte luzez. Egunotan kulturgile ugari izan dira haren lan bikaina goraldu dutenak, merezimendu osoz. Nik ez nuke esan dutena baino ezer hoberik esango. Beste bat da nik aukeratu dudan begirada Gurutziri adiorik gabeko agur hau egiterakoan, non eta Etnikerren eskaini didaten txokoan. Gainera, Lorearen mezua jaso bezain laster, nire begien aurretik arrapaladan pasa zitzaizkidan “argazkiak” ez ziren izan horrenbeste “etnografo” bizkaitarrarenak, mutiko nintzela aurrenekoz bere aditzea izan nuen Gurutzirenak baizik. Egun berean, eguerdian, 13:11n beste whatsapp bat jaso nuen; nire lehengusu Etxahunena zen hura: “Gurutzi Arregi hil da, osaba txikin laguntzaile edo lankidea”. Don Jose Migel Barandiarani buruz familia barruan hitz egiterakoan denok beti “osaba txikie” esaten genuen. Eta horrekin du lotura hain zuzen ere nire Gurutzirenganako begiradak. 

Mutiko nintzela izan nuen nik lehen aldiz Gurutziren berri, Gurutzi eta Anderren berri, zehazkiago esanda. Sara etxean izan zen, Ataunen. Etniker hitza ere hantxe eta orduantxe entzun nuen aurrenekoz. Gurutzi ikusi ere, hantxe ikusi nuen, lehenbizikoz. Ondo dakit Gurutzi oso maitea zutela osaba Joxemielek eta izeba Pilarrek (biak Barandiaran). Estimu handitan zituzten, bai Gurutzi (“Gurutxi” deitzen zion Pilarrek), eta bai Ander. Gaur bizi izan balira, Gurutziren heriotzaren berri jakitean, goibel beltzez estaliko zitzaien barnea eta maitasun gozoz blai izango zituzten beren bihotzak Gurutzi oroituz, Gurutziren alde otoitz eginez. Egunero errezatzen zuten Errosario Santua biek elkarrekin, osabak eta izebak, Joxemielek eta Pilarrek, eta segidan kantatzen zuten, etxe ondotik ere entzuteko lain indarrarekin, “Itsasoko izar / lagun ekintzetan / argi egin zaiguzu (bis) / azken orduetan. E(g)iozu Jesusi / otoitz Andra Mari / zuzen bizi gaitezen (bis) / orain eta beti”. Seguru nago hori guztia eskainiko ziotela elkarrekin Gurutziri.

Izan ere, etxekotzat zuten Gurutzi Joxemielek eta Pilarrek, etxekotzat zituzten Gurutzi eta Ander, eta, etnografoek ondo dakitenez, esanahi sakona du familiakoa ez den norbait etxekotzat hartzeak (neuk ere badut bizipen gozo hori). Hain zuten etxekotzat Gurutzi, non Joxemiel hil zen egunean, gauean, hantxe baitzen Gurutzi, Saran, izeba Pilarren ondoan, osabaren bizitzako azken unean.

Gurutziren nire lehen irudia, esan bezala, nerabezarokoa da, Saran izandakoa. Azken irudia ere, leku berekoa da, Sara etxekoa. Oker ez banago hantxe, Saran, ikusi bainituen azken aldiz Gurutzi eta bere irribarra. 2016ko abenduaren 21ean izan zen hori, Joxemielen heriotzaren 25. urteurrenean Fundazioak  antolatu zuen oroimen ekitaldian, hain zuzen ere. Goian bego!

  Patxi Baztarrika
Sailburuorde ohia